| EUSKAL HERRIKO GATAZKA POLITIKOAREN ONDORIOZ |
Euskal
Herriak pairatzen duen gatazka politikoaren ondorio hildakoen senitarteko
batzuek Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen Ponentziaren
aurrean, honako hau esan genuen:
1.
Oraingoa ez da guk nahi izan genukeen eztabaida. Eztabaida edo gizarte
mailako polemika hau ez dugu guk sortu. Dela urte pasatxoa, eta ETAren
su-etenarekin hasitako egoera berezian, “biktimak”, “hildakoen
senitarteak” eta abarretaz mintzatzen hasi ziren. Askoren ahoan egon da gaia
ordutik hona. Helburu ezberdinekin eta zintzotasun ezberdinez mintzo da gutaz.
Beno, hobe esanda, gutaz baino gatazka politikoan suertaturiko hildako batzuen
senitarteei eskeini zitzaien arreta. Horrekin, beraz, sofrimendua alde bakar
batekoek pairatu izan balute bezala margotu nahi izan dute koadroa. Eta, gauzak
horrela, gaia atera dutenen borondatearen aurka, inoiz nahi izan ez dugun
protagonismoa eman digute.
2.
Izan ere, gu ez baikara ezeren protagonista. Gatazka politikoaren
ondorioz bizitza utzi duten pertsona batzuen senitarteak gara. Senideak
elkarteko lagunek esaten duten bezalaxe, baina inkluso bizikiago, guk ez dugu
inolaz ere egoera hau hautatu. Gainera etorri zitzaigun zirkunstantzia hutsaren
ondorioa da hemen gu egotea. Ez dugu, beraz, inongo meriturik.
3.
Beraz, haiei buruz mintzatu beharko litzateke, ez guri buruz. Gure
senitarteak Herri honen borrokaren eragile zuzenak izan ziren. Borrokatu ziren,
eta borroka horretan galdu zuten bizia. Euren borroka eta beronen arrazoiak dira
funtsezkoak. Horretaz mintzatu behar da, baldin eta euren eskuzabaltasunari
begirunerik izango badiogu.
4.
Alabaina, Herri honek pairatzen duen arazo kolektiboetaz mintzatu egin
beharrean bestelako hizpideak aurkezten zaizkigu egoera berrian. Esan bezala,
guk nahi gabe, sofrikarioa eta minaren inguruko eztabaida bultzatu dute. Herri
honek pairatu eta pairatzen duen egoerak gertakari lazgarriak ekarri ditu.
Hildakoak, zaurituak, torturatutakoak, desagertuak, espetxeratutakoak, ihes egin
behar izan dutenak, euren bizitza modu traumatiko batez afektaturik ikusi duten
pertsonak. Eta euren senitarteak. Eta, bapatean, gatazka politikoa bukaturik
bailitzan, gatazka horretan suertaturiko konpondu beharrekoetaz mintzatu
egiten zaizkigu. Eta, areago, konpondu beharreko hori alde bakar batetan
izan balitz bezala.
5.
Guk ez dugu
azterketa politiko borobilik egin nahi. Egoera oso itxaropentsua den edo, aldiz,
usteldurik ote dagoen hausnartzeko izango dira guk baino jantziagoak. Baina
bistan da, hori ezin uka, gure senitarteek bilatu zituzten helburu politikoak ez
direla lortu. Aurkakoa esango lukeena gezurretan lebilke. Antolakunde
ezberdinetan militatu zuten gure senitarteek, batzutan inkluso antolakunderik
gabe borrokatu ziren. Baina bazegoen, eta badago, modu ezberdinez esaten ahal
bazaio ere, guztiona, amankomuna den helburua: Euskal Herriaren askatasuna.
Euskal Herria onartua izan dadila, eta bere erabakiak hartzeko gaitasuna ukan
dezala.
6.
Eta, esan bezala, hortik nahikoa urrun dago gure Herria egun. Are, egungo
egoera lasaia betirakoa izango dela ezin daiteke bermatu. Gatazka
politikoak bere intentsidade osoaz dirau, eta sustraizko arazo politikoa
konponduko ez den bitartean gure senitarteak hil ziren egoeraren antzeko
batetara itzultzeko arrisku haundia dago.
7.
Horregatik da ez dugula ulertzen alde ezberdinetatik biktimen inguruan
egiten diren aipamenak. Ez bada benetako eztabaidari itzala egin eta izkutatzeko
asmoa delako. Eta hala izaten ari delaren susmo sendoak ditugu. Harrigarria
baita zein den Gobernu espainiarraren (eta, ezberdintasunak ezberdintasun,
frantziarraren) jokabidea. Gatazka politikoaren sustraietan ez du inolaz ere
sartu nahi: ozenki aitortu dute bere eledunek. Baina, bienbitartean, gatazka
bukaturik balego bezala egiten du, sorturiko kalteak goxotuz eta
ahantzerazten saiatuz.
8.
Ez dugu ukatzen sofritu eta sofritzen dugunik. Guk
gure sofrimenduaren trukean ez dugu ezer nahi. Ezen eta gure sofrimendua
arintzeko egin litekeena alperrik izateaz gain erabat bidegabea baitlitzateke.
Gure senitarteak ez ziren guregatik, euren senitarteegantik borrokatu. Bestelako
helburuak zituzten. Eta euren borroka manipulatzea
litzateke gu erdian jartzea.
9.
Gu ez gara inorren eta ezerren zordun. Biktimekin gizarteak zor haundia
duela diote. Guri ez zaigu ezer zor. Zalantzarik ez, abertzaleek eta Euskal
Herriak ezin izanen lukete inola ere ez gure senitarteen emaitza ahaztu. Baina
guri tokatu egin zaigu, eta eska dezakegun gauza bakarra - eta hala
egiten dugu guk sofritu duten beste guztekin - errespetoa eta erabilia ez izatea
da.
10.
Eta begiruneak gure esistentzia onartzean du
oinarria eta abiapuntua. Horixe izan baita azken hilabeteotako irainik haundiena.
Kaltetuak eta biktimak aipatu dituzte batzuek, beti ere kaltetu
horiek alde bakar batetan suertatu baliran. ETA eta beste antolakunde armatu
batzuen iharduerak kaltetu edo perjudikatu batzuk ekarri ditu. Inork ukatuko al
luke hori? Guk badakigu pertsona horiek esistitzen direla, eta ez dugu inolaz
ere ez euren mina eta sofrikarioa ukatzen. Baina, era berean, aurrekoaren bezain
ukezina da estatuak erabilitako bortxaren ondorioz beste milaka pertsona izan
direla zentzu horretan biktimak eta eragindakoak. Besteak
beste, gure senitarteak. Haiei buruz, gure minari buruz, aldiz, batzuek ez dute
tutik esan.
11.
Arazo hau haundiagoa da, ezen eta bukaezina baita estatuen bortxaren
ondorio lazgarriak modu oso ezberdinez pairatu dituztenak. Batzuetan legez
kanpo, beste batzuetan legearen barnean ere, estaduek milaka hildako, zauritu,
torturatu eta jipoitu eragin dituzte. Ez al dute horiek, bada, sofritu? Ez al
dute euren senitarte eta lagunek minik hartu? Nola neurtzen da nor den biktima
eta nor ez? Non jarri
behar dugu muga? Soilki sofritu al dute prozedura
judizial batetan euren aldeko epaia lortu duten horiek? Zein bortxa izan da
bidezko eta zein ez? Ez al du sofritu komisaldegitik pasa ondoren
traumatizaturik geratu dena? Ez egun ere iheslari dabilen pertsonaren familiak?
12.
Sendimenduak dira mahai gainean daudenak, eta sendimenduekin joko
politikoa egitea jokabide likitsa da, trafiko gaitzesgarria. Gutariko bakoitzak
sofritu duena, nola itzultzen da politikoki? Herri honetan sofrimendu ugari egon
izanak ba al dio inori arrazoin politikorik ematen? Ezezkoan gaude gu. Nora
garamatza biktimen inguruan dagoen eztabaida honek? Zein da helburua? Pertsona
batzuei diru batzuk ematea? Zer ote da aldarrikatzen den gizartearen
errekonozimendua? Sofritu dugun pertsonak eragile politiko koalifikatuak al
gara? Zergatik? Eta zein da gure posizioa?
13.
Zalantzarik ez, sofritu dugun guztiok ezagutu dugun ataka ez dugu
inorentzat nahi. Horixe izango da seguruenik dagoen ondorio edo konklusio
amankokun bakarra. Konpon daitezela gauzak eta ez dadila berriro
halakorik getatu. Baina, zertan datza gauzen konponketa hori? Nola
konpondu behar dira gauzak? Bistan da gatazka polizialki edo politikoki
konpontzeak ondorio erabat ezberdinak ekarriko lituzkeela. Eta, halaber, bistan
da ere sofritu dugun pertsona guztiok ez dugula berdin aztertzen gure Herriaren
egoera. Biktimok ez dugu azterketa politiko amankomunik. Izen horren
azpian sendimenduak eta bizitza-esperientzia mingarriak kausituko ditugu, baina
ez azterketa politikorik.
14.
Hortaz, guk ez dugu gure senitarteen ordezkari politikoak izan nahi. Gure
familiarrek eta lagunek egitasmo eta estrategia politiko batzuen alde egin zuten
borroka. Guretzako begirunea eskatzen dugun bezala, gure senitarteen entregari
zor zaion errespetoa gorde nahi dugu guk. Eta horregatik da gizartean izan
dezakegun eragina (akaso, esan bezala, merezi ez dugun eragina) gure senitarteen
oinordeko eta burkideekin batera
nahi dugula konpartitu. Euskal Herriaren askatasuna ez da oraindik lortu, eta
norabide horretan diharduten antolakundeetan, gure senitarteek militatuko
luketen antolakundeetan alegia, dugu guk nonbait izatekotan erreferentzia
politikorik argiena.
15.
Beraz, zerbait esan edo egin beharko dugunean optika edo prisma
horretatik egingo dugu. Gure artean ezbedintasun nabarmenak daude. Guztiok ez
dugu berdin pentsatzen. Baina, aurreko pasartean aipaturikoaren ildotik, erraz
identifika daiteke Euskal Herrian gaur egun gure senitarteek hartuko luketen
bidea. Ez gara gu estrategia, taktika eta abarrekoen zurrunbiloan sartuko. Baina
erraz igartzen du zeintzuk jokabide politikok egiten duten aurrera gure
senitarteek irekitako norabidean.
16.
Gizartean nolabaiteko eragina izan dezakegula esan dugu ere, zertxobait
lehenago. Guk nahi ez dugun protagonismoa eman zaigu. Horren aurrean bi postura
har genezake. Bata eragiteko gaitasun hori etengabean aritzea litzateke.
Protagonismoari uko egin ez eta horretaz baliatzea. Biga eragiteko ahalmen hori
erabat ignoratzea litzateke, ipuina gurekin joango ez balitzan. Bigarren
hau onartezina litzateke, iresponsablea, aipatu bezala gure inguruan
sortarazitako eztabaida norabide okerrez eta asmo txarrez baitago martxan
jarria. Lehengoaren arriskua da azkenean, konturatu gabe bada ere, gutaz
mintzatzen bukatzea, gure sofrimenduaz, gure minaz.
17.
Beraz, posizio bi horietatik urrundu nahiz,
ez gara entzun behar izaten den gauza askoren aurrean mutu geratuko. Baina, era
berean, argi aldarrikatu nahi dugu gure eta beste batzuen sofrimenduaz besterik
gabe mintzatzeak kaltea baino ez dakarkiola gure gizarteari. Gertatutakoa ezin
da ahaztu, jakina. Baina ezin gara iraganaldiari loturik geratu. Gure
Herriak bizi behar du, aurrera begiratu behar du. Ez dugu gure interbentzio
publikoaz iparrorratza bortxatuko.
Hildako
batzuen senitartekoak
| REGRESAR AL INDICE DE LAS CHARLAS |