|
SOBERANISMOA ETA DESOBEDIENTZIA: PARADIGMA POLITIKO BERRIA |
| Mario Zubiaga EHUko Unibertsitateko irakaslea |
Soberanismoaren paradigma politiko berria apurka-apurka ernatzen ari da Euskal Herrian. Quebecen sortua, burujabetasuna helburu duten hainbat herrietara iritsi da askapen nazionalaren prozesuari eduki berritzaileak eskainiz. Formalki burujabe ez den subjektu politikoaren errebindikazio burujabea da soberanismoa. Burujabetasunaren izaera aldatu den garaian, soberanismoa hizpide harturik, Estatu burujabe ez diren herri edota aginte politikoek erabaki burujabeak hartzeko eskubidea errebindikatzen dute. Zuzen-zuzenean, Estatu burujabearen izaera formala hartu aurretik, edo behar bada inoiz hartu gabe ere. Finean, soberanismoa autodeterminazio eskubidea egikaritzeko modu berria baita.
Gurean, lehenik, euskal erkidego politikoaren, euskal herriaren, berezko izaera burujabea aldarrikatzen du soberanismoak. Ez horrenbeste eskumen politikoen eduki jakin bat edo estatus juridiko zehatza. Izana bera baizik. euskal lurraldeetan, euskal herria bizi denetan, demokraziaren orube den demos bakarra euskal demos-a dela esaten du. Alegia, bertan bizi diren herritarren borondateak izan behar duela bertan egikarituko den edozein botere politikoaren iturri legitimitzaile bakarra. Erabaki horren egikaritzan halako edo bestelako eskumenak han edo hemen uztea bigarren mailako kontua bilakatzen delarik. “Euskal erabaki esparrua” kontzeptuak horixe adierazten du, hain zuzen ere. Baina era berean, soberanismoak onartzen du aldarrikapen hori proposamen politiko bat besterik ez dela, eta proposamen politikoen arteko hautua euskal herritarrek egin behar dutela beti ere. Euskal herritarrek hautatutako erakundeen bitartez edota hauek deitutako herri galdeketen bitartez. Hortik dator soberanismoa eta herri galdeketaren arteko lotura.
Bigarrenik, subjektuaren aldarrikapenaz harago, autodeterminazio eskubidea egikaritzeko modua da soberanismoa. Ikuspegi klasikoaren arabera, autodeterminazio eskubidea egikaritu nahi zuten herriek ibilbide jakina bezain zaila jarraitu behar zuten: Hasteko errebindikazioa egin, gero betiko borroka moldeak erabiliz indar harremanak aldarazi kanpoko aitorpen juridikoa lortu arte, eta, azkenik, eskubidearen egikaritza praktikoa. Edo bestela, autodeterminazioa alde batera utziaz, Estatuek eskainitako autogobernu mugatua onartu, eskumen esparru zehatza kudeatuz, egitura federal edo autonomikoaren baitan.
Soberanismoa berriz, autodeterminazio eskubidea egikaritzeko zuzeneko modua da: burujabe gisa aritzea formalki burujabe izan gabe ere. Egikaritzatik bideratu aitorpena, ez aitorpenetik egikaritza. De facto burutzen den eskubide gisa, autodeterminazio eskubidearen egikaritza demokratikoa bera bihurtzen da borroka tresna. Zuzeneko ekintza zuzena, borondate demokratikoaren adierazpen faktikoa, egikaritza bera, alegia, baita aitorpenerako bidea jorratuko duen borroka moldea.
Eskubideen egikaritza bera, egikaritza xumea, borroka molde bilakatu da mundu garaikidean. Eskubideen murrizketan errotuta dagoen globalizazio neoliberalaren aurrean eskubideak egikaritzea, erabiltzea, sistemaren kontraesanak agerian uzteko biderik eraginkorrena bilakatu da. Adierazteko, biltzeko, elkartzeko, antolatzeko, manifestatzeko, erabaki demokratikoak hartzeko eta aurrera eramateko eskubideak egikarituz sistemak berak teorian bere buruari jarri dizkion mugak sendotu egiten dira, gizartearen mesederako.
Soberanismoaren
aldeak
Soberanismoaren
alde ezagun horiek aberastu eta garatu egin dira Euskal Herrian urteotako
ibilbide politikoan. Subjektu politikoaren aldarrikapena eta
autodeterminazioaren egikaritza praktikoa zehaztu ez ezik, edukiz hornitu ditugu
hemen:
Bertako soberanismoak, Quebecen bezala, neoliberalismoari aurre egin nahi dio. Ez da harritzekoa hortaz soberanismoa sindikatuen eskutik iritsi izana gurera. Abertzaletasunak aldi historiko bakoitzean mundu mailan nagusi ziren eredu ideologikoak erantsi dizkio errebindikazio nazionalari: tradizionalismoa, liberalismo oligarkikoa, demokrazia kristauaren mezu soziala, sozialdemokrazia, marxismoa…
Gaur abertzaletasun sendoenak, soberanismoaren eskutik datorrenak, argi du neoliberalismoaren aurkako joera hartu behar duela, hori baita herrien nortasunaren iraupena ziurtatzeko biderik eraginkorrena: justizia soziala, elkartasuna, bai herriaren barnean zein munduko beste herrienganakoa, lurraren eta bizimodu tradizionalen babesa, garapen eredu bidezkoak… Mundu mailan hedatzen ari den mezu alternatiboarekin bat egiten du soberanismoak, eta globalizazio neoliberalaren kontrako sare alternatiboetan eroso mugitzen da.
Soberanismoaren proposamenak bide bakarra du aurrera egiteko: herritarren borondatea. Herritar guztiena. Euskal erabaki esparrua aldarrikatzen denean, euskal herritarrek, euskal demos-ak osatzen duen esparruaz ari da soberanismoa. Esparru horretan dauden erakundeak euskal erakunde gisa jokaraztea da erronka. Hautatu dituzten herritarren gehiengoaren menpe jartzea erakundeak, alegia, eta ez kanpoko beste erkidegoen menpe. Horretarako, noski, erakunde horien sostengua diren gehiengoarekin jokatu behar du soberanismoak, doktrina instituzional bilakatzen den unetik. Gehiengo sozialak gehiengo instituzionaletan islatzen direnean soberanismoak aukera izan dezake aginte esparruak tinkotu eta garatzeko. Euskal erakunderik ez dagoenean edota euskal erakundeetan islatzen diren gehiengoak ez badira soberanistak, zaila da soberanismoaren doktrina instituzionalaren garapena.
Zentzu honetan, doktrina instituzional gisa ulertuta, litekeena da subjektuaren autodefinizioa aldarrikatu eta gero autodeterminazio prozesua epeka edo esparruka, pausoz-pauso martxan jarri behar izatea, eremu politiko-instituzional bakoitzean dagoen gehiengoaren arabera. Herritarren borondatea eta honi egokitutako borondate instituzionala izanik doktrina soberanistaren bi zutabeak, autodeterminazioaren egikaritza zatikatua ezin baztertu dezake soberanismoak.
Beti
ere, Euskal Herriaren nortasun politiko osoari edota erabaki esparru orokorrari
zor zaion begirunea lortzea da arazorik larriena. Estatuen aitorpen
espontaneorik ez balego, soberanismoak herri galdeketa edota eskumenen zuzeneko
jabetzea hartuko ditu tresna politiko gisa, jakinik horretarako tresna
instituzionalak erabili behar direla eta erakundeen bide formala hartu nahi
izanez gero, gehiengo soberanista dagoen esparruetan bakarrik burutu daitekeela
estrategia hori.
Sakoneko ikuspegia euskal demos-a finkatzea eta garatzea da, ahal bada osotasunean, bestela zatika. Horretarako Ibarretxeren proposamenak euskal herritar guztiak bereganatzeko apaldu egin du identitatearen (etnos) errebindikazioa, ongizatearena lehenetsiz. Proposamenean ongizateari edota garapen jasangarriari egiten zaizkien aipamenak, halere, ez datoz bat proposamen horren ustezko kudeatzaileek duten garapen ereduarekin, Euskal sindikatuek behin eta berriro salatzen duten moduan Azpimarragarria da zentzu honetan Ibarretxeren proposamenak arlo sozio-ekonomikoari eskaintzen dion eskumen tarte eskasa.
Quebecen ez bezala, euskal herrian errebindikazio politiko abertzaleak bi arazo larriei egin behar izan die aurre: hegoaldean Estatu autokratikoa izan dela luzaroan eta, bestetik, euskal lurraldeen nortasun politikoaz baliaturik estatuek lurraldeon arteko zatiketa instituzionala inposatu dutela saiakera bateratzaileak debekatuz. Bi erronka hauen aurrean, euskal soberanismoak aspaldidanik eraikuntza eta hedakuntza nazionalaren lanari ekin behar izan dio horretarako tresna sozial eta politiko nazionalak sortu dituelarik.
Bi oztopo horiek gainditzeko asmoz sortu diren gizarte ekimen edota erakunde politiko nazional berriak asko izan dira azken hamarkadetan. Legalitate hertsiaren eta lurralde zatiketaren mugak gaindituz, ikastolen mugimendutik hasita, Kontseilura, kirol selekzioen errebindikaziotik, Udalbiltzara… Ekimen eta saiakera hauek guztiak praxis soberanistak izan dira: formalki subiranotasunik eta lurralde batasunik ez dagoenean, ekinaren ekinez bi helburu horiek erdiesteko ahaleginak izan direlako.
Dena den, euskal demos-aren aniztasun nazionalak zaildu egin du oso erakunde politiko nazionalak sortzeko ahalegina –Udalbiltza kasu–, batez ere, erakunde horiek euskal lurraldetan dauden erakunde politikoen ordezko bezala planteatu diren neurrian. Ordezkapen horrek duen ukaezinezko zailtasuna neurtzeko unean piztutako liskarra izan zen, hain zuzen ere, Lizarra-Garaziko prozesuaren porrota ulertzeko aztertu beharreko faktore nagusienetarikoa.
Euskal etnos-aren borondate hutsean (abertzaleen borondatean, alegia) oinarritutako tresna instituzionala euskal demos guztiaren borondate politikoa bideratzeko tresna bakarra legez proposatzea zilegia da baina gaurko indar harremanari kasu eginez, agian soberanistek ezin dute epe motzeko helburu gisa planteatu.
Horregatik, tresna berrien bitartez burutu beharreko eraikuntza/hedakuntza nazionala eta oraingo tresna/esparru instituzionaletan oinarrituta egin beharreko lan soberanista uztartu egin beharko dituzte soberansitek, epe batez behintzat.
Soberanismoaren alde instituzionalak, euskal demos-ean oinarritzen denak, herritar guztien borondatearen erritmoan eta esparrutan aurrera egiten duen bitartean (EAEn konfederalismoari begira, Iparraldean departamentuaren bila, eta Nafarroan herritarren borondate zuzenekoan oinarrituko den barne eta kanpo politika lortzeko ahaleginetan), bitartean diot, eraikuntza/hedakuntza nazionalaren filosofia soberanistan gune instituzionalak sortzea edo daudenak berpiztea izan daiteke gatazkaren irtenbidearen giltzetariko bat.
Gune nazional horien esku utzirik, euskal etnos-ak ezinbesteko dituen babeslekuen kudeaketa: hizkuntza komunitatearen garapena, kanpora begirako naziotasunaren adierazpen formala, kirolaren edo beste adierazpen nazionalen bitartez bideratzen den naziotasuna… Lan horiek guztiak, gaurko euskal esparru instituzionalak segituan ordezkatzeko asmorik gabe, azken helburua hori bada ere.
Bestalde,
gaurko erakundeak ezin dira bihurtu nortasun nazional espainol edo frantziarra
duten euskal herritarrentzako gordelekua: ez baita irtenbide ona bi edo hiru
euskal herri paralelo sortzea, bizkarra emanda biziko diren hiru ghetto
nazionalitario osatzea Euskal Herrian. Edo jadanik daudenak trinkotzea. Neurri
batean “euskal hiriaren” bilakaera eredu horretara doala jakinda, Iruñako
antzinako hirian gertatu bezala: Euskal “hiri” bat (edo, agian oraingoan,
hiru: EAE, Nafarroa, Iparraldea) eskubide eta askatasunen zorua ziurtatuko
dutena, autogobernaturiko “auzo” nazional aunitz: euskalduna, frantziarra
eta espainola.
Laburbilduz, eragile abertzaleek bereak egiten dituzte soberanismoaren hiru edukiok eta osagarriak bailitzan landu dituzte azkenaldian. Badirudi errebindikazio nazionala hautu alternatiboetara eraman beharrean, modu desberdinetan burutu daitekeela onartzen hasiak direla eragile abertzaleak. Badirudi hemendik aurrera ezin izango direla banandu izaera aurrerakoia, euskal demos edo herritarren gehiengoak une eta leku bakoitzean agintzen duten adierazpen moduak (epeak, esparruak….) eta, azkenik, euskal nazioak osotasunean sortu nahi/behar dituen adierazpen politikoak.
Soberanismoaren
ardatza: desobedientzia
Zer ikusi du horrela definitu dugun soberanismoak desobedientzia zibilarekin?
Hasteko eta behin, sakonean
desobedientziaren filosofiarekin bat egiten du soberanismoak: legalitatearen
gainetik legitimitate demokratikoa jartzen baitu. Bestalde, desobedientzia
zibilaren irakurketa demokratikoa gurea egiten dugun heinean –Habermas, Arendt,
eta beste batzuk aldarrikatzen dutena, alegia, demokrazia egikaritzeko esparrua
edo modua desobedientziarako gai aproposa dela usten dutena eta ez ildo liberala
(Rawls, Dworkin.. )– demokrazian sakontzeko bideak eskaintzen ditu
soberanismoak, eta horretan ere zerikusi handia du desobedientzia zibilarekin.
Bigarrenik
estrategia bezala, zuzeneko ekintza zuzenean du funtsa soberanismoak. Borroka
klasikoen ondoren letorkigukeen aitorpenaren ondorioko egikaritzan baizik,
praktikaren, zuzeneko ekintzen bitartez burutzen
baitu praxis autoderterminista. Zuzeneko ekintza zibilaren bitartez.
Zehatzago esanda soberanismoaren alde bakoitzak desobedientzia zibilarekin duen harremana argitzen saiatuko gara laburki. Era berean gaur egun arlo bakoitzean burutzen ari diren egitasmo batzuk aipatuko ditugu.
Dena dela, hasteko, ohar gisa, hausnarketarako gaia botako dut.:
Gizarteak zer? Nola lagundu desobedientziarekin zerikusi handia duen prozesu soberanista zibil eta demokratiko horretan?
Batera/AB/Demoak, ABK, Zuzen, Desobedientzialariak, Matxinada, Udalbiltzak bultzatutako EHNA-ren dinamika, legez kanpoko zerrenden arrakasta… Ez dira gutxi –gero eta gehiago, egia esan– desobedientzia zibilaren musika jotzen ari diren eragileak… Halere, Iparraldeko salbuespen gozagarria salbu, lehertzear dagoen eta inoiz lehertzen ez den dinamika dirudi desobedientziarena. Ongi ikusia bai, baina hortik aurrera, pott: Intsumisus interruptus.
Adibidea: Hego Euskal Herrian Atutxa jauna omen da desobedientzialaririk amorratuena. Ez dago gaizki “diskurtsoaren desjabetza hori”, baina Ibarretxeren proposamenaren aurrean indar soberanistek edukien inguruko akordio minimoaren beharra aldarrikatzen duten moduan, mobilizazio tresnen inguruan ere hausnarketa sakona egin beharko lukete Jaurlaritzatik kanpo dauden gizarte indar soberanistek. Errebindikazioaren edukitan minimoak adostu beharko liratekeen moduan, jarduera politikorako tresnetan maximoak adostu beharko lirateke, inoiz gainditu behar ez diren mugak adostu beharko lirateke. Eta mobilizazio egitasmoa abian jarri. Zein arlotan baina?
Ikus ditzagun orain lan arloak:
Lehen atalean: Gizarte eredu bidezkoaren aldeko borrokan. Transgenikoen kontrako borrokaz galdetuta Jose Bovek duela gutxi esan bezala desobedientzia zibila da erradikaltasun berria. Publikoki egiten den borroka, jendeari bere ardura hartzeko ahala ematen diona, herritarra borrokaren aktore bihurtzen duena… Mundu mailako borroka alternatiboak gero eta gehiago desobedientziaren ildoa jarraitzen du. Globalizazio neoliberalaren kontra ari direnen artean horixe da tresnen inguruko hauturik sendoena, eta mundu mailan egiten ari dena jarraitzen ari dira euskal indar aurrerakoiak. Baita gai horretan ere.
Soberanismo sozio-ekonomikoan, lurrarekin lotua dagoen horretan, lan asko dago egiteko desobedientziaren bidetik. Mundu mailan burutzen ari diren ekimenetatik gertu dago Euskal Herria, teorian behintzat. Praktikan ordea justizia sozialaren ildotik, mundu mailako elkartasunaren bidetik, banaketa bidezkoaren inguruan, garapen eredu zuzenaren izenean, lurraren defentsan edo janari burujabetzaren inguruan egin daitezken praktika desobedienteak ez dira gehiegi zabaldu orain arte. Aurrekari historiko esanguratsuak ditugu gurean, baina…Ez du desobedientziak aurrera egiten.
Bigarren atalean: euskal erabaki esparruaren finkatze praktikoan. Badirudi atal honetan, agian zatika burutu beharko den autodeterminazioaren egikaritza praktikoan dagoela gaur desobedientziaren erronka nagusia. Eta horretan agian gizartea baino gehiago erakundeak izango direla protagonista. Herri galdeketari lotua egongo den prozesua baita modu batean edo bestean. Euskal demos-ak eskaintzen duen zuzeneko legitimitatea, legalitatearen gainetik jarri nahi baita herriari galdeginez. Galde egitea da kasu honetan desobedientzia eta hastapenean behintzat erakunderen batek egin beharko luke dei hori. Baimenik gabe egin ezkero, desobedientzia instituzional soberanista legez.
Gauzak honela, ibilbide honen adibide izan daiteke Ibarretxeren proposamena, baldin eta bere eduki soberanistei eusten badie, noski.
Ibarretxe Lehendakariaren patua: desobediente izan behar duela nahi gabe ere. Ez du alternatibarik, ez bada amore eman edo besteek amore eman dezaten espero, desobedientziaren beharrik egon ez dadin. Gaurko panorama ikusita ez da zentzuzkoa Estatuaren amore ematea itxarotea, eta, proposamenaren funtsean berak etsiko balu izugarrizko porrota izango litzateke bai bultzatzailearentzat, baita ere gatazka gainditu nahi duen euskal gizartearentzat. Hortaz, behar den moduan garatuko balitz proposamena, alegia, Estatuek onartu nahi ez duten autodeterminazio eskubideari muzin egin gabe, ibilbide horrek nolabaiteko desobedientzia maila suposatu beharko du nahitaez.
Halere, desobedientzia instituzionalaren maila asko neurtuko du Jaurlaritzak.. Desobedientzia maila neurtu hori –se obedece pero no se cumple– oso barneratua baitago jeltzaleen kultura politikoan: agindutakoa ez bete hasieran baina Espainiako epaitegiek ezartzen duten joko eremua obeditu egiten denez, azkenean agindutakoa bete. Benetako jokoa baino, umeentzako jolasa, tempus-a neurtzeko tresna gisa erabiliko du Ibarretxek desobedientzia. Are gehiago desobedientzia delitua gogortuko denaren mehatxua dagoenean…
Autodeterminazioaren egikaritza praktikoan, euskal erakundeen hala moduzko desobedientzia instituzionalaz aparte (legebiltzarraren jarrera Gorenaren aurrean, kupoaren inguruko keinua, eskumenak zuzenean hartuko direnaren imintzioa, herri galdeketa soberanista deituko denaren agindua…) ekimen gutxi batzuk egin dira gizartetik bultzatuta. Badirudi erakundeen atzetik doala euskal gizartea, edo hobeto esanda, tamalez, erakundeei begira dagoela. Txundituta? aspertuta? Nekatuta? Zama utzi dutelako pozik ala zain, ikusentzule gisa, besterik gabe?
Halere, etorkizunean egingo diren saiakeren zain gaudela (Batera-AB-k agindu dituenak, esaterako), herri galdeketaren inguruan egindako zenbait gizarte ekimen oso interesgarria izan da: Zuzen taldearen lanean, esaterako, zuzeneko ekintza zuzenaren bitartez galdeketa sinbolikoa errealitate bilakatu da eta zabaltasunaren arabera –isolamendua gaindituko balitz– gizartea pizteko tresna ezin hobea izango litzateke. Alde eta kontra daudenei ozenki esateko eta ekinaren bitartez erakusteko herri galdeketa herri festa dela. Demokrazia ez dela kontu iluna, inorentzako mehatxua, inoren beldurrak ez duela arrazoirik, erakundeen bulego ilunetan aldez aurretik erabakita dagoena herriari erakustea ez dela benetako herri galdeketa. Bove-ren hitzak gogoratuz: demokrazia zuzena ez dela klandestinoa …
Hirugarren atalean: eraikuntza/hedakuntza nazionalerako guneak antolatzean. Ibilbide soberanista honek berez dakar desobedientzia, batez ere tresna instituzional berriak eraiki nahi baldin badira. Baina bestela ere, eraikuntza politiko hutsetik at ere, soberanismoa komunitatearen hedakuntza sozial bezala ulertuta ere edota komunitateren eskubideak defendatzeko bide gisa (hortxe Demoen borroka eskubide linguistikoen alde), desobedientzia dute gu bezalako herri txikiek aukerako jarduera. Komunitate txikiek gizarte ekimen edota erakunde politiko nazionalak sortzeko momentuan komunitate sendoenen inposaketa, debeku, eskaintza sinboliko edo material gehiegizkoari “Ez” esan beharko die askotan, komunitate berezitu gisa iraungo badute.
Horregatik, nor izateko desobeditu egin beharko du euskal komunitateak: ahal dena irentsi, liseritu eta euskal kulturarentzat ongarri bilakatu, baina ezin irentsi daitezkeenei ezetz esan, hemen ez, amenik ez, mendurik ez. Euskal komunitatearen garapenerako, hedakuntzarako eta eraikuntzarako antolaketa berri asko sortu daitezke desobedientziaren eremuan sartu gabe, baina beste komunitate indartsuagoekin lehian askotan esan beharko da: hau ez dugu onartzen, hau ez dugu obeditzen…
Esan bezala, euskal komunitatearen eraikuntza/hedakuntzan saiatzen den soberanismoak desobedientzia zibilaren atea beti izan du zabalik, baina zenbait arlo ekimen –Demoena hizkuntz eskubideen inguruan, adibidez– indar handia hartu du azkenaldian. Antzeko ildotik, lurralde zatiketa gainditu nahi duten eraikuntza politikorako ekimen batzuk –Udalbiltza, EHNA…– bide hori hartu zuten aspaldian eta ederki ondo ari dira ordaintzen. Loren Arkotxa, Xarlo Etxezaharreta, eta besteak, desobedintzialariak direlako daude kartzelan, baina paradigma berriak ez du oraindik indar nahikorik hartu gurean gizarteak desobedientzialari gisa ikus ditzan.
Bestalde, komunitate nazionalaren kontrako erasoen inguruabarrean –kultur komunitateari egin berri zaizkionaz (Egunkaria, euskalgintza…) ari naiz, bereziki– han-hemenka entzun dira mobilizazio tresnen inguruko hausnarketa sakona eskatu duten ahotsak. Manifestazioak eta euskal “dirubilketa-maratoiak” behin eta berriro antolatu behar al dira? Ez al dago beste modurik? Sisiforen lanak akitu artean errepikatu beharrean, ez al da hobe “Itxi dute, irekiko dugu, ireki dugu” esan eta egitea? Akordio zabalak behar dira horretarako eta, esan bezala, borroka tresna “maximoen” inguruko adostasunak.
Ildo beretik, amaitzeko, hasieran esan duguna gogoratu besterik ez: eskubideen egikaritza da soberanismoaren borroka tresna. Soberanismoak, legitimitate demokratikoan oinarri duen neurrian, inongo azterketa moral abstraktorik egin gabe, eta eraginkortasunaren eztabaida antzua alde batera utzita, egungo Euskal Herrian gehiengoak onar ditzaken borroka molde etikoak bereak egiten ditu eta hortaz, ez ditu beste borroka molde klasikoak bereak egiten. Judizio unibertsal, ahistoriko edo absoluturik egin gabe, gaur egungo Euskal Herrian soberanismoa borroka molde batzuen errebindikazioan eta erabileran oinarritzen da: zuzeneko ekintza zuzenean eta desobedientzia zibilean.
Oso
gauza sinplean, alegia, oinarrizko eskubide eta askatasun demokratiko guztien
egikaritza praktikoan.
| REGRESAR AL INDICE DE LAS CHARLAS |