DESOBEDIENTZIA EGUNGO HIZKUNTZA GATAZKAN
Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian urte luzez dirauen gatazka politikoa dagoela argi dago. Gure herriak estatu frantziar eta espainiarrarekin du gatazka, bi hauek herri gisa ukatzen gaituztelako eta euren tresneri guztia erabiltzen dutelako ukazio horretan eta herri bezala garatzeko dugun nahi eta eskubidearen urraketan. Herri gisa ukatuak garen heinean, hizkuntza mailan ere ukazio nabarmena gertatzen da, hizkuntza gatazka gordina dagoelarik. Estatuek euskara suntsitzea  dute helburu nagusitzat jakin baitakite hizkuntza dela herri bat ezaugarritzen duen elementu nagusienetakoa, nagusiena ez bada. “Euskararik gabe Euskal Herririk ez” leloa argi dute beraz. Eta euskaldunok kontrako nahia dugu, noski. Gure herrian euskaraz bizi nahi dugu, berezko hizkuntza bakarra dugulako, euskaldun egiten gaituelako, gure eskubidea delako. 

Gatazka hori agerian uztea arras garrantzitsua da guretzat. Ez soilik gatazka bera erakusteko, guk bilatzen ditugun helburuek estatuenekin ezkontzen ez direla erakusteko ere baliagarria baita. Baina era berean, dugun nahia eta eskubidea gauzatzeko tresnak jarri behar ditugu martxan. Alegia, Euskal Herri euskaldunaren helbururantz urrats berriak ematea ezinbestekoa da. Zentzu horretan maila guztietako urratsak eman behar dira: juridikoak, politikoak, sozialak, ekonomikoak eta abar. Horretarako molde eta tresna ugari dugu esku artean eta guzti horien arteko oreka lortuz, bidea eraginkorra izan dadin asmatu behar dugu. 

Desobedientzia borroka tresna gisa erabiltzea hortxe kokatzen dugu beraz. Egungo egoeran, euskaldunok errepresioa lepagainean dugun honetan, zaila izan daiteke jarrera hori hartzea, baina era berean, bestelako aukerak zabaltzen ditu. Zergatik? Bada, agerian geratzen delako egungo errealitate politiko-juridikotik ez dela normalizazioa lortuko eta beraz, ukatzen gaituztenen aurrean bide berriak jorratzea ezinbestekoa delako. Bi helburu hartuko genituzke: bata, ezetza. Hots, ez dugu zuen legedia onartuko, ez dugu urraketarik pasatzen utziko edo honelako ideien lanketa. Bestea, baietza. Jarrera horrekin batera, auto baieztapena landuko genuke. Gu euskaldunak gara eta hizkuntza eskubideak ditugu eta beraz, errespetarazteko jarrera eta bidea hartzen dugu. Beraz, jarrera eraikitzaile bat hartzen dugu.  

Zentzu horretan gure hizkuntza normalizatzeko plantea daitezkeen hamaika neurrik desobedientzia kutsua izango dute garatzea asmatzen badugu: esaterako, ofizialtasuna Euskal Herri osoan lortzeko lege berri eta bakarra behar dugularik, urrats horrek hori suposatuko du, estatuen legediak gainditze bidean jartzen direlako; egungo ereduen sistema baliagarria ez dela kontuan hartuz, hezkuntza sistema berri baten bidez haur guztiak euskalduntzeak ere ondorio horretara garamatza; eta horrela beste hainbat alorretan. Beraz, helburuak hor izanik, horiek gauzatzera jo beharra dago. 

Hala ere, bide hori bere osotasunean garatzeko zain egon gabe, aukera asko zabaltzen dira eta bide batez urratsak ematen ditugu kontzientzian, normalizazioan eta hizkuntza eskubideen errespetuari begira. Hor kokatu behar da justizia administrazioaren inguruan egiten ari den lana eta borroka. Bereziki aipa dezakegu Gernikako epaitegiaren ingurukoa. Epaitegi hori 64.000 herritarren zerbitzura dago, hiru eskualdeetan banatua eta herritarren gehiengo handi bat gainera euskalduna da. Hiru epailetatik bat bera ere ez da euskalduna eta langileriaren gehiengoa erdalduna da. Horren aurrean, EHEk salaketa, mobilizazioa, atxikimendua eta inplikazio sozial eta politikoa lortu ditu eta hurrengo urratsa desobedientzia maila handiagoetara eramatea izan da: epaitegi horren aurrean, eskualde horietako 2.500 herritarrek uko egiten diote bertaratzeari, hizkuntza eskubideak bermatuko direnaren segurantzarik ez badago. Dinamika hau martxan jarri zenetik 9 lagun atxilotu dituzte, zortzi ertzaintzak eta 1 guardia zibilak. Azken hau zenbait orduz inkomunikatu zuten. Kontua da hauetako zenbaiten kasuak artxibatzea erabaki dutela. Horren atzean zer ezkutatzen den argi dago beraz: ez dago interesik gatazka erakusteko eta eztabaida eta neurriak ekidin nahi dira. Era berean, bide horrek emaitzarik ez duela ematen erakutsi nahi dute, dinamika bera desaktibatu nahirik. Beraz, zer egin? Gatazka eta tentsioa ugaldu. Hots, zitazioak probokatu, ekimenak egin salaketak jartzeko... Era masiboan bilatu behar dira horrelakoak. Bidea zabalik dago, orain horri beste dimentsio bat ematea da gakoa. Borroka honen bidez administrazioa neurriak hartzera behartzen badugu, urratsak ematearekin batera, erakutsiko dugu herri borrokak emaitzak ematen dituela eta normalizazioa lortzea posible dela.  

Baina borroka honekin batera, badira beste bideak. Gure kide askok harturikoak. Kasurik onenean epaitegian itzultzailea dugunean ez dugu onartu eta epaiketa utzi dugu eta horrekin batera salaketa egin. Falta kasua denean prozedura aurrera doa eta epaiketa burutzen da. Baina beste kasu batzuetan akusatua egotea ezinbestekoa da. Gure kide baten epaiketa hiru urteko atzerapenean aurkitzen da. Sekulako eragina lortu da Bizkaiko Auzitegi Probintzialean. Fiskal, epaile eta abokatuen artean. Eta epaiketa geldirik dago. Kontuan izan duen kausagatik 6 urteko kartzela zigor baten aurrean egon daitekeela. 

Dena den, bada jarrera pertsonal asko hartzeko aukerarik. Administrazioak paperak erdaraz bidaltzen dizkigunean (osasun zerbitzuak, justizia, udal mailakoak, trafikoa, isunak...), horiek itzuli eta euskaraz bidal ditzaten eskatuz. Jarrera horrekin ez dugu onartzen erdarazko idazkirik eta euskaraz bidal dezaten eragiten dugu. Beti ez dugu erantzun positiboa jasoko, inondik ere, baina bi herritarrek eginda edo 10.000k eginda, alde ederra dago, ezta?  

Hori da ikusten dugun bidea. Alegia, zein eskubide dugu? Gure herrian euskaraz bizitzekoa. Bada, horren baitan ditugun hizkuntza eskubideen aldeko praktika pertsonal eta kolektiboak bultzatzea da EHEren helburua eta zereginetako bat. Eta lehen esan bezala, alor orotan landu daiteke: zergak euskaraz ezin baditut ordaindu ez ordaindu, hedabide erdaldunak ez kontsumitu, erdarazko idazkiak atzera bota... 

Guzti horiek aurrera eramateko ordea planifikazio eta urrats ezberdinak ematea garrantzitsua deritzogu. Gure helburuak ongi definitu eta bide horretan zein borroka tresna erabiltzen ditugun aztertu behar den bezala. Desobedientziarekin batera, beste hamaika molde baitaude eta horien arteko uztardura egokiak emango dizkigu emaitzak helburu horiek lortzeko.

HITZALDIEN AURKIBIDERA ITZULI

REGRESAR AL INDICE DE LAS CHARLAS