|
DESOBEDIENTZIA ZIBILA,EKINTZA ZUZENA EZ-BORTITZA, ERRESISTENTZIA PASIBOA: MAPA BAT |
||
Antonio Casado Da Rocha EHUko irakaslea eta “Thoreau: Biografía esencial” liburuaren idazlea |
||
|
1.
Sarrera Ezagutzara eramaten gaituen lehenbiziko pausoa, esaera txinoak dioenez, gauzak izendatzeko berezko izena erabiltzea omen da. Baina askotan gauzak ez dira beren izenarekin mundura etortzen, eta beti eztabaida dezakegu zein den gauza jakin bati dagokion izena. Izan ere, horixe gertatu izan da beti gizarte-zientzietan.
Hala ere, horrek ez du esan nahi izenen inguruan adostasunen bat
belaunalditik belaunaldira transmititzen ez denik; eta, izenak
izana egiten ez badu ere, askotan izenarekin bai adierazten dugula
nolakoa nahi dugun izatea gauza hori. Bestela esanda: izenak ez du lortzen
gauza izenak dioen bezalakoa izatea, baina adierazten du —zintzoak
bagara, behintzat— gauza hori izenak dioen modukoa izatea desiratzen
dugula. Beraz, ezin dira argi eta garbi bereizi maila deskriptiboa eta
maila arau-emailea.[i] Batzuek lotsarik gabe defendatuko lukete definizioak eta zehaztasun semantikoak hutsaren hurrengoak direla gai politikoetan. Haien hitzetan, benetan garrantzitsua eraginkortasuna da: ekintzak helburua lortzen duen ala ez. Baina eraginkortasuna eta zilegitasuna ez dira gauza bera. Ekintza baten zilegitasuna eta eraginkortasuna, besteak beste, iritzi publikoarengan duen harreraren araberakoak dira. Eta iritzi horrek, lortu nahi diren helburuekin batera, erabiltzen diren bitartekoak ere balioesten ditu. Balioespen hori morala da, jakina, eta horretan zeregin garrantzitsua du gauzaren izanak.
Beraz, definizioak behar ditugu, bai filosofian, baita
gizarte-zientzietan ere; baina ez epaileek definizioak erabili ohi
dituzten moduan, hots, zigorrak jartzearren. Kontuz ibili behar da, gure
definizioa apaingarri hutsala besterik izan ez dadin: Nietzsche-ren
arabera, historiarik ez duten gauzak baino ezin dira definitu; fenomeno
batek historia badu, dagokion definizio bakarra historia hori baita.
Gaur egun, ez dago ekintza
politikoa baino gauza misteriotsuagorik.[ii] Lan
honetan, ekintza politiko antagonista
aztertzen saiatuko gara; hau da, erresistentzia eta oposizioa egiten
duena. XIX. eta XX. mendean zehar botere eratzaile antagonista definitzeko
egin diren ahaleginak maila kontzeptual, epistemologiko eta historikoan
berrikusi behar ditugu.[iii]
Mapak
eta lurraldeak ez direla nahastu behar jabetuz, eta ahalegin horretan
pauso txiki bat besterik ez izan arren, hona hemen mapatxoa:
2.
Oposizioa eta erresistentzia
Oposizioak
ez du botere faktikoen aurka egiten, gobernu baten aurka baizik, eta bere
formarik osatuena oposizioko
alderdia da, oposizioan dagoen alderdi bat, alegia. Aitzitik,
erresistentzia ezin da alderdi bat izan, ez baitago agintzeko egina, aurka
egiteko baizik.[iv]
Alderdi
politiko izateaz gain, oposizioa disidentzia
ideologikoa dugu, desadostasunaren adierazpen sinbolikoz edo hitzez
egina. Beste alde batetik, erresistentzia oposizio
politikoa eta kontzientzia
eragozpena baino harago doa.
Aro modernoan, erresistentziak botere gune nagusien aurka jo omen
du zuzen-zuzenean. Testuinguru posmodernoak, aldiz, zeharkako bideak,
hibridoak, gorabeheratsuak hedatu ditu. Bestelako gatazka tresnak sortu
dira,[v] eta
erresistentzia bide horiek ezin dira mugatu oposizio lan hutsera.
Esate
baterako, kontzientzia eragozpenak ez du legea aldatu nahi; orokorrean,
bere ukazio ekintzaren efektua norberaren kontzientziara mugatzen du.
Askotan, kontzientzia eragozpena garatzean ez da desobedientziarik
gertatzen, legeek agindutako betebehar batzuei egiten zaizkien zenbait
eragozpen eskubidetzat jotzen baitira konstituzio batzuetan. Nahiz eta
eskubide horiek mugatuak izan, aukera hori oso garrantzitsua da, zenbait
kasutan desobedientzia zibila
eta kontzientzia eragozpena bereizteko aukera ematen duelako.
Hona
hemen adibide bat: prestazionisten
kasua, hau da, soldaduska ez egiteko zerbitzu zibila (Espainian, Prestación
Social Sustitutoria) nahiago zutenak. Horiek legeak ezarritako
salbuespenera eta ordezko zerbitzuetara jotzen zuten soldaduskara ez
joateko. Kontzientzia eragozleak desobedientzia zibila egingo luke, baldin
eta legeak kontuan hartzen ez dituen motiboak aldarrikatuz derrigorrezko
zerbitzua egiteari uko egiten badio; edo uko hori legeak kontzientziaren
motibozko salbuespenik onartzen ez duen nazio batean egiten badu. Hain
zuzen ere, hori egin zuen intsumisioaren
aldeko gizarte mugimenduak. 3.
Desobedientzia zibila
Ez dago garbi Henry D. Thoreauk civil
disobedience izena asmatu zuen, ez baitugu aurkitzen berak egin zituen
liburuetan. Hau bakarrik dakigu: 1866. urtean berrargitaratu zuten haren
saiakera batek izenburu hori zuen. Saiakera horren jatorrizko izenburua
hauxe zen: “gobernu zibilaren aurkako erresistentzia” [Resistance
to Civil Government], eta 1849. urtean argitaratu zuten, Thoreauk
emandako hitzaldi batzuk egokituz.
Thoureau, hitzaldi haietan, zergak ordaintzeari zergatik egin zion
uko eta bere burua aginte fiskalaren eskuetan zergatik entregatu zuen
azaltzen saiatu zen. Ez zuten luze eduki giltzapetuta, baina, dena den,
Thoreauren hitzetan, ekintza hura, alde batetik esklabutza onartzen zuen
legearen kontrako ekintza izan zen, eta, bestetik, AEB, beren lurraldea
zabaltzeko asmoz, Mexikoren aurka egiten ari ziren gerraren kontrakoa.
Garbi dagoena hauxe da: desobedientzia zibila erabili duten askok
idazle amerikar horren bizitzan eta liburuetan aurkitu dituzte beren
ekintzak asmatzeko eta justifikatzeko arrazoiak, eta, horrez gain,
desobedientzia zibilaren historiak ehun eta berrogeita hamabost urte ditu
gutxienez. Hala ere, zer da desobedientzia zibila?
Lehenik eta behin, desobedientzia, jakina. Hau da, desobedientzia
zibilaren izenean jokatzen denean (abian jartzeko, haren alde lan egiteko
edo jazartzeko) ezinbestekoa da norbaitek desobeditze bat egitea. Eta
horrek esan nahi du aldez aurretik betebehar bat dagoela. Zuzenbide Estatu
batean legeak agintzen du hiritar batek duen betebeharra. Beraz, ez dago
desobedientziarik ez badago zenbait ekintza debekatu edo agintzen dituen
arau bat. (Ildo horretan, esan daiteke legea dagoelako egiten dela
desobedientzia, paradoxikoa bada ere.) Horren ondorioz, desobedientzia
zibilak ekintza ilegal bat dakar berekin, desobedientzia zibilera eramaten
duten ekintza guztiak ilegalak ez badira ere.
Adibide bat: 1955. urtean, Alabamako Montgomery hirian, hiritar
beltzek egin zuten boikota ez
zen desobedientzia zibila, baizik eta erresistentzia
pasibo mota bat. Hiri horretan arau segregazionistak indarrean zeuden
autobusetan ibiltzeko, eta halako injustiziaren kontra protesta egiteko,
bestelako garraio-sistema antolatu zuten; beraz, ekintza horretan ez
zioten legeari desobedientzia egin. (Boikota egitearen ordez, hiritarrek
autobusak erre izan balituzte, erresistentzia hori ez zen izango
“pasiboa”, “aktiboa” baizik.)
Halako ekimena eskubide zibilen aldeko mugimenduaren hasiera izan
zen, Martin Luther King-ek bultzatu zuen mugimendua, hain zuzen. Thoreauk
eragin handia izan zuen Kingengan; Kingek aitortu bezala, Amerikan arrazen
arteko berdintasunaren aldeko borrokan, gaizkiarekin ez kolaboratzeko
gonbitea egiterakoan Thoreaurengandik “protesta sortzailearen
herentzia” jaso zuen. Aipatutako kanpaina hartan, Kingek eta bere
jarraitzaileek lege segregazionistak hautsi zituzten azkenean, erabat
zuzengabeak zirelakoan. Lege horiez gain, ordena publikoa arautzen zuten
beste lege batzuk ere hautsi zituzten, bidegabeak zirelako eta
segregazionismoaren aldekotzat jotzen zituztelako. Horrenbestez,
erresistentzia pasiboa desobedientzia zibila bihurtu zen.
Desobedientzia
zibila aurrera eramatean lege bati uko egiten zaio maila goragoko lege
bati men egin nahi izaten zaiolako. Adibidez, Kingek esan zuen
segregazionismoari uko egitean Konstituzioari men egiten ziola, baita
Auzitegi Gorenak emandako segregazionismoaren kontrako jurisprudentziari
ere. Horregatik Kingen ustez bere jokabidea guztiz justifikatuta zegoen,
bai moralki, bai zuzenbidearen aldetik, printzipio gorenak kontuan hartzen
baitzituen.
Gatazka horren unerik larrienean, mugimenduaren buruzagiak Estatu
Batuetako presidentearekin elkarrizketatu ziren. Buruzagi haiek eraman
zuten eskaera nagusia legea betearaztea zen: horretarako, Eisenhower-ri
eskuan zituen baliabide juridiko guztiak erabiltzeko eskatu zioten.[vi]
Hau
da, lege segregazionisten gainetik agintzen zuen lege gorena betearazteko:
1776. urteko Independentzia Deklarazioa eta Konstituzioko Lehen Xedapen
Gehigarria [First Amendment].
(Independentzia Deklarazio horretan, gizaki guztiak jaiotzetik eskubide
berberak dituztela esaten da. Konstituzioko Xedapen horrek, batetik,
adierazpen eskubidea eta biltzeko eskubidea, eta, beste alde batetik,
jasandako injustiziengatik gobernuari kalte ordaina eskatzeko eskubidea
babesten ditu.)
Kingek Nobel saria eskuratu zuen 1964. urtean. Urte bat lehenago,
bere libururik ospetsuena idatzi zuen: Birmingham Cityko kartzelatik
idatzitako gutun bat. Gutun horretan Kingek erantzun egin zien
segregazionismoaren kontra nahita eta ez-bortizki egindako lege haustea
kritikatzen zutenei. Gutun horren oinarrizko gaia hauxe zen: nola liteke
aldi berean zenbait lege kontuan hartzea eta beste lege batzuk
desobeditzea? Hona Kingen erantzuna: bere kontzientziari kasu egiteagatik
bidegabeko lege bat hausten duenak hiritarren gogoetan eztabaida pizteko
asmotan dagokion zigorra onartzen badu, Zuzenbideari zor zaion errespetu
handiena erakusten ari da.
Desobedientzia den aldetik, desobedientzia zibila kolokan jarri
nahi den lege bat zuzenean haustea da. Barbara Goodwinek zuzeneko
desobedientzia zibilaren eredu bat aipatzen du: errolda egiteko behar
diren galdetegiak betetzeari uko egiten diotenen desobedientzia. Baina,
desobedientzia horrez gain, egin nahi den desobedientzia ekintzari
oihartzuna emateko egiten diren lege-hausteak ere aipatzen ditu Goodwinek.
Adibidez, etxebizitzen okupazioek
ondasun higiezinen legeak hausten dituzte, baina, horrekin batera, beste
eskaera batzuen gainean arreta erakarri nahi dute.[vii]
Kasu
horretan, zeharkako
desobedientzia zibila izango litzateke.
Gaur egun hain da zabala sare juridikoa ezen protesta egin nahi
duenak ez baitu zaila izango lege bat haustea, nahita egiten ez badu ere.
Hala ere, badaude arrazoiak zeharkako desobedientzia zibila horren
existentzia eta zilegitasuna zalantzan jartzeko. Izan ere, zeharkako
desobedientzia zibila ez da askotan gertatzen: 14 estatu garrantzitsutan
gertatutako 329 ekintzetatik bat izango litzateke zeharkako desobedientzia
zibila. (Esate baterako, 1979. urteko udan Brussela hiriko trenetan
larrialdietarako galgei eragin zioten, momentu horretan abian zegoen
desarmearen aldeko martxaren gain arreta erakartzeko.) José Antonio Estévezen
ustez, zeharkako desobedientzia zibilak lege-haustea tresnatzat hartzen
du, bere protestaren arrazoiaren gainean arreta erakartzeko; eta horrelako
justifikaziorik ez dagokio desobedientzia zibilari, desobedientzia
zibilean erabiltzen diren bideak justifikatzeko arrazoia lortu nahi den
helburua baita.[viii]
Azkenik, desobedientzia zibila ezin da nahastu desobedientzia
kriminalarekin (hots, delitu arrunta)
edo delitu politikoarekin. Lehen
kasuan, alde batetik, desobedientzia egiten duena, kriminala,
desobedientzia horri dagokion zigorra saihesten saiatzen da, eta, beste
alde batetik, berak ez ditu bere ekintzak egiten zuzengabeak diren legeak
eraldatzeko asmoz. Bigarren kasuan, delitu politikoak egiten dituztenek
badute gizartea eraldatzeko asmoa, baina, beren helburua lortzeko
biolentziaz baliatzen dira, eta, geroago ikusiko dugunez, biolentzia ez
dagokio desobedientzia zibilari. Delituak izango ez balira, ekintza horiek
disidentzia ideologikoa izeneko
kategoriakoak izango lirateke; eta delituak izango balira, berriz, terrorismo
edo (eko)sabotaje izeneko
kategoriakoak. Luis Martínez de Velasco-ren iritziz, ekintza terroristak
hiru ezaugarri ohi dituzte: autistak, krudelak eta bereizi gabeak dira.
Ezaugarri horietako ekintzak ez dira ez sabotajea, ez desobedientzia
zibila[ix].
Sabotajeak
klandestinitatea du ezaugarri nagusia, eta desobedientzia zibilak, berriz,
publikoa izan behar du, benetan zibila izan nahi badu, jakina.
Desobedientzia asko daude, baina denak ez dira zibilak. Zibila
hitzaren esanahia aztertzen badugu hiritar
[cívico] eta zibilizatu
hitzekin lotura duela ikusiko dugu.
Eta
zergatik biolentziarik gabekoa? Filosofo batek gogoz defenditu du
desobedientzia zibilak neurri batean biolentzia erabil dezakeela. Haren
ustez, ezinezkoa da aldi berean biolentzia justifikatu ezina dela
defendatzea eta desobedientzia zibila justifikatzen duen teoria bat
defendatzea. Filosofo horren argudioaren arabera desobedientzia zibilak
biolentziarik gabekoa izan behar baldin badu, jabetza eta segurtasun
pertsonalaren eskubideak ez ezik, norberak duen autonomiaren eskubidea ere
errespetatu behar du, eta, horren ondorioz, mota guztietako koakzioak
baztertu behar dira. Horrela gertatzen ez bada, mota jakin batzuetako
biolentziak debekatuko dira (biolentzia fisikoa, adibidez) eta, aldi
berean, beste mota batzuetakoak onartuko (biolentzia psikologikoa,
adibidez). Baina koakzio guztiak baztertzen baditugu urrutiegi ailegatuko
gara, desobedientzia zibilaren kasu guztiek autonomia eskubidea bortxatzen
baitute nolabait. Geure filosofo horrek (John Morreal, hain zuzen)
irtenbiderik gabeko kalexka horretatik ihes egiten du koakzioa —eta,
horren ondorioz, biolentzia mota bat— justifikatzeko gai dela esanez[xi].
Morrealek
erabiltzen duen biolentziaren definizioa erabilgaitza da, zabalegia baita.
Definizio hori onartzen badugu, autonomia bortxatzen duten ekintza guztiak
biolentziaz egindakoak izango lirateke; esaterako, haur bati errepidea
zeharkatzea eragoztea, eta/edo minutu batzuez trafikoa geldiaraztea.
Ematen du zentzuzkoagoa dela une batez eskubideen gaineko erretorika
bertan uztea eta biolentzia Webster hiztegi zaharrak egiten duen moduan
definitzea: “indarra erabiltzea kalte egin eta zauritu nahian”.[xii]
Jende
talde batek nire autoaren aurrean errepidea blokeatzen badu eta horregatik
nire helmugara minutu batzuk beranduago ailegatzera behartzen banaute,
akaso ez naiz bat etorriko beren eskaerarekin, bidegabe edo zentzugabetzat
jo baititzaket; izan ere, agian, nire eskubideak bortxatzen ari dira
(legea urratzen, alegia), baina, dena den, indarra erabiliz nahita zauriak
edo kalte pertsonalak egin dizkidatela esatea, —hau da, “biolentoak”
direla esatea— hitzen esanahia bortxatzea da. (Orduan, greba bat ez da
biolentzia? Ez beti: greba batek
kalte ekonomikoak ekar ditzake, baina ez kalte pertsonalak. Horregatik,
bata eta bestearen arteko muga garbi ez egon arren, zentzuzkoa da greba
bortitzak eta ez bortitzak bereiztea. Nahiz eta helburu bertsuak izan,
desobediente zibilak eta biolentzia egiten dutenak ez dira berdinak, eta
horiek berdintzea biolentzia egiten dutenen onerako da.)
John
Rawls filosofoak (inork ez luke subertsibotzat hartuko) desobedientzia
zibilak zer-nolako baldintzetan funtziona dezakeen defendatzeko arrazoi
funtsezkoak eman ditu. Horren ustez, desobedientzia zibilak erabat
zatituta ez dagoen gizarte bat behar du, guztiok elkarbanatzen ditugun
justizia-printzipioetara jotzeko. Desobedientzia zibilak neurri bateko
legitimitatea mantentzen duen gobernu batekin funtzionatuko du
(legitimaziorik gabeko gobernu baten aurrean edozein erresistentzia
justifikagarria baita).[xiii]
Gizartearen
zatiketatik eta legitimitaterik ezatik nekez ernalduko da desobedientzia
zibila; beste era batera esanda, desobedientzia zibila egin nahi duenak
krispazio gabeko egoera bultzatu beharko du, ahal den neurrian.
Beste
ondorio gisa, benetan desobedientea eta zibila bada, desobedientzia zibila
izena merezi duten ekintzak ezin dira izan ez bortitzak, ez eta
militaristak ere (Clemenceauk esan zuenez, zailagoa da militar bat
zibilizatzea hiritar bat militarizatzea baino). Batek pentsa dezake
sinpleegia eta simetrikoegia dela desobedientzia zibilaren kontrako
muturrean dagoena obedientzia militarra dela esatea, baina, hala ere,
guztiz egia izango da. Izan ere, Thoreauk desobedientzia zibilari buruz
egin zuen saiakera desobedientzia zibila zer ez
den esateko irudi batzuez hasten da: (1)
“bakar batzuk, gaur egungo gobernua beren zerbitzurako tresna gisa
erabiltzen dutenak”, (2)
“gaizkile horiek, trenbideetan barrikadak jartzen dituztenak”, (3)
“lagun horiek, beren buruari gobernuaren kontrako gizaki deitzen
diotenak” (4)
eta, batez ere, gudari horiek, Thoreauren irudimenean, “mendian
gora eta haranetan barrena, lerro-lerro, gerrara martxan, gogoz kontra”
joaten direnak, “bolborategi eta gotorleku mugikorrak, agintean den
lotsagabekoren baten zerbitzuan”. (5)
Laburbilduz, horiek guztiak, “bereizketa moralik apenas egiten
dutenak”, mekanikoki legeari men egitea hautatu dutelako justiziari zor
zaion errespetua zaindu beharrean.[xiv] 3.
Ekintza zuzena ez-bortitza (edo “indarkeriarik eza aktiboa”)
Gure inguruan, ekintza zuzena ez-bortitzaren espresiorik argienak
desobedientzia zibilaren forma hartu du; hots, intsumisioa. Bestela
esanda, desobedientzia zibila izateaz gain, ekintza zuzena ez-bortitzaren
ezaugarriak ere baditu intsumisioak. Erresistentzia forma hori Euskal
Herriko Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak (MOC-KEM) funtsezko tresnatzat
hartu, eta horrela definitu du: ekintza zuzena ez-bortitza (ADN:
acción directa noviolenta)
ekintza politiko zehatza da, antimilitaristen estrategia eta balioak
islatzen dituena, haien mezua gizartean zabaltze aldera. Hedabideak
erabiltzen dira, ekintza publiko eta ez-bortitz bat albiste erakargarri
bihurtzeko.
Birmingham Cityko kartzelatik idatzitako gutunean, ekintza honen izaera
horrela adierazi zuen Kingek: “Galde diezadakezue: ‘Zergatik ekintza
zuzena? Zergatik manifestazioak, eserialdiak eta abar? Ba al dago
negoziazioa baino bide hoberik?’ Negoziazioa eskatzekotan, arrazoia
emango nizueke. Izan ere, horixe da ekintza zuzenaren asmoa. Ekintza
zuzena ez-bortitzak krisialdia eta tentsioa eragin nahi ditu, gaiari inoiz
aurre egin ez dion komunitate batek aintzat har dezan. Gai hori
dramatizatzea nahi du, komunitateak ezikusiarena berriro ez egiteko.”[xv]
Gandhiren
leloak dioenez, “helburua baliabideetan datza”, ekintza zuzena
ez-bortitzak balio politikoak eta adierazgarriak batzen ditu bere baitan,
bai helburuari dagokionez (armada, soldaduska, arma enpresa, desfilea) bai
ekintza bera baketsua, ez-sexista, kooperatiboa eta abar izateagatik.[xvi]
Ekintza
zuzena ez-bortitzak helburuak baliabide bihurtzen ditu; “zuzentasun”
horiek ematen dio ekintzari ezaugarri berezi bat, elkarrizketa eta
negoziazioa bultzatzeko aproposa dena [carácter
conversacional].[xvii]
Beste adibide bat: 1995. urteko otsailean eta urtegiaren obrek urte
eta erdi bat baino gehiago zeramatzatela, Itoizko Solidarioen kolektiboa
jaio zen, borroka fronte berri bat jorratzearren: ekintza zuzena, publikoa
eta ez-bortitza, “Ama Lurra” defenditzeko desobedientzia zibilean
oinarritutako estrategiaren barnean.[xviii]
Berriz
ere, ekintza zuzena ez-bortitzak desobedientzia zibilaren zenbait
ezaugarri bereganatu zituen, “terrorismo” edo “ekosabotaje”arekin
nahastu gabe.[xix]
Ekintza zuzenak biolentziarik gabekoa izan behar duela esatean
Gandhiren autoritatea aipatzen da. Gandhik irudi bat erabili zuen
helburuak eta bideak bereizteko: irudi horretan bideak hazia izango
lirateke; helburuak, berriz, zuhaitza. Irudi horren bidez, zera adierazi
nahi zuen: bideen eta zuhaitzaren artean lotura estua dago.[xx]
Identifikazio
organiko horrek garbi uzten du Gandhiren zein Thoreuren[xxi]
ustez
helburuak ez dituela bideak justifikatzen, eta bideek ez dutela helburua
justifikatzen: helburuek eta bideek onargarriak izan behar dute, eta ezin
dira batzuk balioetsi beste batzuk kontuan hartu gabe. Beste era batera
esanda: ezin dira zenbait helburu proposatu, oso ohorezkoak badira ere,
bide jakin batzuk baztertu gabe.
Ekintza
zuzena ez-bortitzak duen bertute bat, Thoreauk, Gandhik eta Kingek
ulertzen zuten moduan, hau da: ekintza zuzena ez-bortitzak garaipena
lortuko ez balu, ez lizkieke kalteak eragingo hirugarrenei. Hori, eta ez
besterik, kontuan harturik, ekintza zuzena ez-bortitza borrokarako
erabiltzen diren beste bide batzuk baino goragokoa dela esan dezakegu.
Baina ezin da esan ekintza zuzena ez-bortitza orbangabeko bide bat dela
eta horregatik edozein helburu justifikatu dezakeela modu miragarrian; are
gehiago, ezin da esan ideia guztiak baliotsuak direnik, bide bakezaleak
erabiliz defendatzen badira ere. Arrazakeria bide bakezaleak erabiliz
defenditzeak ez du arrazakeria gauza ona egiten. 4. Erresistentzia
pasiboa
“Erresistentzia pasiboa” izenak ideia nahasketa ugari sor ditzake.
Pasibotasun horrek ez du esan nahi ez dela ezer egin behar, baizik eta
bide baketsu eta zibilak erabiliko direla. Adibidez, Gene Sharp-ek
erresistentzia baketsurako 197 bide zehaztu ditu, besteak beste: protesta
sinbolikoak, grebak, boikotak, manifestazioak eta abar.[xxii]
Erresistentzia pasibo batzuk desobedientzia zibila izan daitezke; halere,
ikusi dugunez, egon badago desobeditze gabeko erresistentzia pasiboa
(boikota, esate baterako).
Izena bera ere ezaguna zen Thoreau-ren garaian. Bartleby
Izkribatzailea ipuinean, honako hau idatzi zuen Herman Melvillek:
“Ezerk ez du erretxintzen pertsona kabal bat erresistentzia pasiboak
baino gehiago. Erresistentzia horren pairatzailea giza aldartez eskas ez
badabil, eta erresistitzailea bere pasibitatean inori kalterik egiteko
modukoa ez bada, orduan, bihotz xamurrez ahaleginduko da, kapaz den
umorerik onenez, irudimenean gorpuzten arrazoimenez esplika ezina
dirudiena.”[xxiii]
Izan
ere, begikotasun sentimendu hau nabarmena zen Gandhiren kasuan.
Eta 1926an, Tucker anarkista iparamerikarrak honelaxe goraipatu zuen
erresistentzia pasiboa: “Erresistentzia pasiboa, Ferdinand Lassalle-k
esan omen zuen, erresistentzia egiten ez duen erresistentzia da. Ez nago
batere ados horrekin. Diziplina militarraren egunotan, emaitzaren bat
lortzen duen erresistentzia bakarra erresistentzia pasiboa dugu. Gaurko
mundu zibilizatuan ez dago tiranorik bere aginduak ez obeditzeko prest
dagoen hiritarren multzo bat baino iraultza odoltsu bat nahiago ez duena.
Matxinada bat erraz zapaltzen da, baina inongo armadak ez die tiro egin
nahi bere etxeetan gaitzik egin gabe geratzen diren hiritarrei. Herriaren
eskubideak lortzeko hurrengo gatazkan, tresnarik inportanteena ez da
izango botoa, ezta baioneta ere, baizik eta erresistentzia pasiboa.”[xxiv]
Hala ere, nahiz eta erresistentzia beti posible izan, ez da beti
arrakasta izateko modukoa. Batzuen arabera, areago, mundu garaikidea ez da
habitat ona erresistentzia pasiborako. Adibidez, Mario Benedettik hauxe
idatzi zuen Pedro eta Kapitaina
antzerki lanean: “Erresistentzia pasiboa aukeratu duk, nonbait. Gandhi
argal hark asko zekian horrezaz. Hinduak ingelesen kontra, gauza bat zuan,
ordea, eta oso bestea zuek gure kontra. Erresistentzia pasiboak ez dik
balio gaur egun, ez dik deus konpontzen . Zera duk, nola esango diat,
anakronikoa. Yankiek beren zapalketa mota hain eraginkorra ezarri
zutenetik —aditu al duk yankiak esaten dudala, zuek bezala?—,
erresistentzia pasiboa pikutara joan zuan.”[xxv]
Azken finean, erresistentzia pasiboak arrakasta lor dezan
justifikatzeko modukoa izan behar da. Justifikatzeko modukoa izateko,
entzun eta onartu daitezkeen arrazoiak eman behar dira. Thoreauren kasuak
erakusten digu erresistentzia ez dela ekintza bakar bat, prozesu
bat baizik. Bera kartzelaratu zutenetik bi urte geroago eta zergak
ordaintzeari utzi zionetik zazpi urte geroago bukatu zen prozesua. Hortik
ondorioztatu dezakegu erresistentzia pasiboa elkarrizketa
dela, ez keinu bakan bat, baina bakarrik egoera jakin batzuetan egin
daitekeen elkarrizketa bat. Oharrak [i] Definizio zehatzik ezean, propietate deskriptibo gisa erabiltzen dira “zibila”, “ez-bortitza” edo “pasiboa” hitzok, banakoen edo taldeen propietateak eta gaitasunak azaltzen baititu. [ii] Paolo Virno, Virtuosismo y revolución. La acción política en la era del desencanto, Madril, Traficantes de sueńos, 2003. [iii] Desobedientziari buruzko gogoeta klasikoa nola eguneratzeko, honatx zenbait abiapuntu: http://www.altediciones.com/t59.htm (“De la desobediencia civil a la desobediencia social”), http://usuarios.lycos.es/pete_baumann/iglesias.htm, (“Desobediencia civil y movimiento antiglobalización”), http://www.enlloc.org/dvd/recerca/doctorat/caos/M3-2-pabloiglesiasturrion.htm (“Redefiniendo la desobediencia civil”), http://acp.sindominio.net/article.pl?sid=03/06/03/1853207&mode=thread (“Con quien caminar y a quién preguntar”) http://www.rebelion.org/izquierda/040519ffb.htm (“Una reflexión sobre desobediencia y “no violencia”). [iv] Marcos komandante ordea, Siete piezas sueltas del rompecabezas mundial, Bartzelona, Virus, 1999; 39. orria. [v]
Zenbait egile, “Erresistentzia/Sorkuntza”, zehar
47-48, www.arteleku.net. [vi] A. Philip Randolph, Lester B. Granger, Reverend Luther King, Roy Wilkins, Statement to the President of the United States (1958-06-23), http://www.stanford.edu/group/King/publications/papers/. [vii] Goodwin, El uso de las ideas políticas, Bartzelona, Península, 1988; 349. orria [viii] Estévez, La constitución como proceso y la desobediencia civil. Madril, Trotta, 1994; 34. orria [ix] Martínez de Velasco, La democracia amenazada: Democracia, capitalismo y desobediencia civil, Madril, Fundamentos, 1995; 133. orritik aurrera [x] Gandhi, Todos los hombres son hermanos, Salamanca, Sociedad Educación Atenas, 1984; 144. orria. [xi] Morreal, “The justificability of violent civil disobedience”, Canadian Journal of Philosophy, no. 6 (March 1976), 35-47 orriak. [xii]
Harluxet-ek (http://www1.euskadi.net/harluxet/)“biolentzia”
horrela definitzen du: “Norbait menderatzeko indar zakar eta basa;
zerbait indarrez lortu nahi duenaren gehiegikeria, indarraren
erabilera gaitzesgarria.” [xiii] Rawls, A Theory of Justice, Cambridge, Harvard University Press; 363, 388 orriak. [xiv] Aipuak Thoreauren Sobre el deber de la desobediencia civil izeneko liburuaren edizio elebidunak dituen paragrafoen zenbakiei dagozkie (Irun, Iralka, 1995). [xv]
“Letter from Birmingham Jail” in H. A. Bedau (ed.),
Civil Disobedience in focus,
Londres, Routledge; 68-84 orriak. [xvii] Antonio Casado, La desobediencia civil a partir de Thoreau, Donostia, Hirugarren Prentsa, 2002; 4. atala. [xix] A. Casado da Rocha eta J. A. Pérez, Itoiz. Del deber de la desobediencia civil al ecosabotaje, Iruńea, Pamiela, 1996. [xx] Gandhi, Non-Violent Resistance (Satyagraba), New York, Schocken Books, 1961; 10.orria [xxi] Ikusi Thoreauren Apología de John Brown, edizio anitzekoa. [xxii] Gene Sharp, Métodos de Acción Noviolenta, www.noviolencia.org/publicaciones/metodos_sharp.pdf. [xxiii] Melville, Bartleby Izkribatzailea, Juan Garziak itzulia, Donostia, Erein, 1991; 31. orria. [xxiv]
Individual
Liberty: Selections From the Writings of Benjamin R. Tucker,
Kraus Reprint Co., Millwood, NY, 1973 (http://flag.blackened.net/daver/anarchism/tucker/tucker15.html). [xxv] Mario Benedetti, Pedro eta Kapitaina, Ińaki Alberdik itzulia, Donostia, Susa, 1987. |
||
|
2004ko Indarkeria-eza Aktiboa III Jardunaldietan aurkeztutako ponentzia www.bideahelburu.org |
||
|
|